Ezpata-dantzak, trokeo-dantzak, borobileko-dantzak
eta soka-dantzak dantza-molde zabalduak izan dira XVI. mendetik aurrera
Euskal Herrian. Erritual, protokolo, ospakizun berezi, Corpus Christi,
San Joan eta tokian tokiko santutegiaren araberako jai egun handienetan
ezpata-dantzak izar distiratsuak usu egin dira.
Erritualaren ondoko festan zein iganderoko olgetan,
soka-dantzak eta borobileko dantzak, dantza-jauziak adibidez,
dantzatzeko zaletasuna izan dute euskaldunek.
![Gipuzkoako arku-dantzariak (Fototeka Kutxa)^ Gipuzkoako arku-dantzariak (Fototeka Kutxa)^](https://lh3-testonly.googleusercontent.com/blogger_img_proxy/AEn0k_spM0Sv-gV8E9MBr-qkFdDdVpy8vr7noLpQpSfkowLPCbl-UzHxgvNezF0uW6146zoQnFlYDrtBIkIfGSGOC3unkGXwffs6F2Q4bt9GPG8QK6v51QVuIiFDdxz4L8AXy_0tuYsHtoJJm18n5bO7SXevXNt1ySkvi5dxasQwTnFDq7hf9-KfUC2eNrsKt9W2dSFQMU1SjlalMh3Pf_qaxf-fk97IRJ28KAnXxkT9Uo17QQKE9i3feC-nHkYIPsgy0Tnr56vWmI1u894198rkv4f_IyPLj0yqly0VbHsKTe-4Xm4Qcza1ho6_RkHkL8_cVMJpWX8=s0-d)
- Gipuzkoako arku-dantzariak (Fototeka Kutxa)
Mugimendu erromantikoak lehenengo, eta nazionalismoak ondoren,
nekazal gizartearen krisiaren ondorioz bertan behera geratzen ari ziren
musika eta dantza moldeak sustatzeko joera hartu zuten. XIX. mende
bukaeran eta XX.aren hasieran Euskal Festek desagertze bidean antzematen
zen kultura tradizionalaren ale batzuk apartatu eta ez-ohizko ospakizun
programa batean aurkezten zituzten. Lehiaketak edo primakak ugaritu
ziren, eta Zuberoako aitzindariek edo Lapurdi eta Nafarroa Behereko
dantzari trebeek beren gaitasunak jendaurrean erakutsi eta ohoratuak
izateko aukera zuten.
Europa osoa korritu berri zuten Errusiar Ballet folklorikoek
harridura eta emozio arrasto sakonak utziak zituzten. Euskal musika eta
dantzak lehengai bikainak izanik, eszenaratze eta balletizazio joerak
baliatuz beste horrenbeste egiteko batu ziren hainbat ekintzaile.
Segundo Olaetak
Elai-alai taldea sortu zuen Gernikan 1927an, eta urtebete beranduago,
Saski Naski
ikuskizuna aurkeztu zen Donostian, Orfeoiko kantariak, Orkestra
sinfonikoa, eta Donostia, Berriz, Izpura eta Atharratzeko dantzariek
parte hartu zutelarik.
![Eresoinka (1938 - Elósegui Irazusta, Jesús, guregipuzkoa.net CC-BY-SA) Eresoinka (1938 - Elósegui Irazusta, Jesús, guregipuzkoa.net CC-BY-SA)](https://lh3-testonly.googleusercontent.com/blogger_img_proxy/AEn0k_vO0blOdn42aXavkRvrzzIciqhpL3Z1clJCM62FVQN_Fo3BrsMhp3yBJZGTQuCStGbuzlK-Crpl4sgAyS3YeQUepFCRrkyLv-G3z2QKjcCNypm9EM8PgsSpKEl_OnrQbDYpWTVoYv4J6mCe2BSysIiODt1FO6oPzOV-u98gxQA6gQs3_rVjNgPAfawqxRlFtQFLJADs5RaBYjvO_mZHiiAGXNmtXfhnijSS7NObNJs7jeeqs01kgf5oEwKCF7kgE8Krxv-IHNj0j9Fg1Zmrj3qlHKlgc1Q=s0-d)
- Eresoinka (1938 - Elósegui Irazusta, Jesús, guregipuzkoa.net CC-BY-SA)
Gerlek (I eta II. Mundu Gerlak, eta Espainiako Gerla zibila) gogor
kolpatu zuten Euskal Herria XX. Mendean, eta dantzari aunitzek bizitza
galtzeaz gain, dantzarako bizi-poza ere leundu zuten. Espainiako Gerra
Zibilak erdian, Eusko Jaurlaritzak enbaxada koreografiko eta musikala
antolatu zuen:
Eresoinka. Gerra zelai kultural eta
komunikatiboan jokatzeko asmoarekin, euskal kantari, musikari, sortzaile
eta dantzari talde handi bat bildu zuen Jaurlaritzak, eta Saran
prestaketa lanak burututa besteak beste Paris, Brussela, Amsterdam, La
Haya, Rotterdam edo Londres-en eskaini zituen emanaldiak.
![Olaeta dantza taldea Parc des Princes kirol zelaian (1944) Olaeta dantza taldea Parc des Princes kirol zelaian (1944)](https://lh3-testonly.googleusercontent.com/blogger_img_proxy/AEn0k_vz7CEWgZEn7DqiTuoWYwqpZdqmyBuWwffbAu9e626QVv9tBkg2bnveIdR8_Jm9P_ZAmKtakP-mFCagV91k_jekH5KIzz_cnJAsoXHeM-qcZpktALUrqOPpSXyFCkq-2ZicQ9LBm5Cj5DInP3anbLHb5aa7Lrs9KMADQUMnMjmJrbXYQWbfyd9e1N3ds7iCLtNjMA62AF7NyC50eIFPLXCYC2d8oGuh5O7lryPXHuWbgpX12aNx=s0-d)
- Olaeta dantza taldea Parc des Princes kirol zelaian (1944 - Jean Nesprias-ren artxiboak)
Gerra galduta, hegoaldera itzuli ezinda aurkitu ziren Eresoinka eta
Elai-Alaiko dantzariak, eta batzuk Lapurdin ezarrita, eta beste batzuk
artista-nomada bihurtuta Hego Ameriketan birak eginez segi zioten euskal
kultura eta dantza lau haizetara zabaltzeko lanari. Dantza klasikoan
trebatu eta euskal dantza tradizionalak eszenaratzeko eredu
akademiko-errusiarra jorratzen jarraitu zuten. Hazi horretatik ernaldu
ziren ondoko hamarkadetan XX. mendeko euskal dantzaren hainbat ekimen.
Schola Cantorum eta
Kresala Donostian, edo
Oldarra eta
Etorki Lapurdin besteak beste.
Eke.eus Euskal Kultur Erakundea web-orritik hartuta.